2010-05-30

Irakurri zer edo zer

"Uste dut nekez idatz daitekeela irakurketari buruzko
gauza definitiboagorik: irakurtzeak ez digu, apika, zoriontasuna
eskuratuko, baina ziurra den gauza bakarra da
irakurri bitartean ez dugula bakardaderik sentituko. Edo
ez hainbeste, behintzat.
Ez dut esan nahi irakurtzeak bestelako bertuterik ez
daukanik. Badauzka. Eta liburu batzuek beste batzuek
baino gehiago izango dituzte, eta portzentaia ezberdinetan.
Baina literaturaren balore bat hautatu beharko banu, horrekin geratuko nintzateke:
liburuek bakardadearen kontrako txerto gisa duten ahalmenarekin.
Literaturarekin konpainian egoteko modu ezberdinak
daude, dena dela. Eta horietako batek, zalantzarik gabe,
hizkuntzak baldintzatzen du. Eta gure ingurukoekin, gure
seme-alabekin, gure gelakideekin, gure lankideekin erabiltzen
dugun edo erabiltzen saiatzen garen hizkuntza
euskara baldin bada, zer naturalago konpainia hizkuntza
berean idatzitako liburuetan bilatzea baino?

Duela bospasei hamarkada galdera horren erantzuna
zalantzagarriagoa zatekeen, ados. Baina ez gaur egun.
Une hauetan euskaraz aukera zabala eta anitza dagoelako,
bai jatorrizko lanei dagokienean, baita itzulpenei
dagokienean ere. Eta horixe da kaieratxo honetan topatuko
dituzun hamar idazleei eskatu dieguna hain zuzen:
aukera horretatik guztitik, zeintzuk hamar liburu proposatuko
zizkizuketen, eta horietako bat komentatzeko.
Gonbidapenok helduleku edo, nahiago baduzu, abiapuntu
egokia eskainiko dizutelakoan gaude.
Ez duzu jada izango bakarrik sentitzeko aitzakiarik.
Irakurri zer edo zer."


Autorea: IBAN ZALDUA

No hay comentarios:

Publicar un comentario